kimika ez-organiko

1. Kim.

Substantzia kimiko guztiak, hidrokarburoak eta haien deribatuak salbu, eta haien ezaugarri eta erreakzio kimikoak aztertzen dituen kimikaren atala (barnean hartzen ditu karburoak, karbono-oxidoak, karbonato metalikoak, karbono-sulfuroak eta abar).

1. Kim.
Substantzia kimiko guztiak, hidrokarburoak eta haien deribatuak salbu, eta haien ezaugarri eta erreakzio kimikoak aztertzen dituen kimikaren atala (barnean hartzen ditu karburoak, karbono-oxidoak, karbonato metalikoak, karbono-sulfuroak eta abar).

Kimika ez-organikoa Edit

Egilea: Izaskun Gil de Muro

KIMIKA EZ-ORGANIKOA

Kimikaren jakintzagai zabal eta joria da kimika ez-organikoa. Konposatu ez-organikoak historiaurretik ezagunak izan arren, kimika ez-organikoa ez zen kimika organikotik bereizi XVIII. mendera arte, orduko zientzialariak ohartu baitziren konposatu batzuk bizidunetatik etortzen zirela —eta bizidunek bakarrik ekoizten zituztela— eta beste batzuek jatorri minerala zutela. Gaur egungo kimika hainbat ataletan sailkatuta dago: kimika analitikoa, kimika fisikoa, kimika ez-organikoa, kimika organikoa, kimika teknikoa eta biokimika. Dena den, horien arteko mugak ez dira oso zehatzak, eta arlo berriak sortuz doaz: kimika organometalikoa, katalisia, materialak, bioezorganikoa…

Kimika ez-organikoak elementuen eta horien konposatuen azterketa biltzen du, eta zientziaren bestelako atalekin lotuta dago. Kimika ez-organikoaren zenbait definizio oso desberdin proposatu izan dira; hona hemen onartuena:

"Kimika ez-organikoa elementu guztien eta horien konposatuen kimika da, hidrokarburoen eta horien deribatuen kimika izan ezik. Elementuen eta konposatuen propietateen eta erreakzioen ikerketa esperimentalaz eta interpretazio teorikoaz arduratzen da". (Moeller)

Horren arabera, substantzia ez-organikoen prestakuntzaren eta propietateen azterketaz gain, propietateen zergatia ere aztertzen du kimika ez-organikoak. Hortaz, konposatua sintetizatu eta gero, konposatu horren egitura, loturak eta propietateak aztertzen dira; eta kimika ez-organiko modernoan, diseinu eta propietate interesgarriak dituzten konposatu berriak prestatzeko aplikatzen dira kontzeptu horiek.

Konposatu ez-organiko garrantzitsuenak oxidoak, karbonatoak, sulfatoak eta haluroak dira. Gehienak, fusio-tenperatura altuko solidoak dira, eta naturan, mineraletan ageri dira. Hala ere, sistema biologikoetan ere substantzia ez-organikoak ugari dira: NaCl elektrolitoa, ATP (energia-metaketa), hezurretako fosfatoak eta abar.

Industrian, kimika ez-organikoak garrantzi praktiko handia du, mundu mailan gehien ekoizten diren hamar produktuetatik zortzi ez-organikoak baitira (H2SO4, N2, O2, NH3, CaO, H3PO4, NaOH, Cl2). Bestetik, kimika ez-organikoa, gaur egun, azpisailetan sailkatuta dago: koordinazio-kimika, kimika organometalikoa, egoera solidoaren kimika, kimika bioezorganikoa, boroaren kimika, 14 taldeko elementuen kimika, 15-18 taldeetako elementuen kimika eta abar. Arlo horietatik guztietatik, gizartearentzat oinarrizkoak diren material asko prestatzera eta ikertzera bideratuta dago kimika ez-organikoa, hala nola katalizatzaileak, erdieroaleak, eroale ionikoak, sistema optikoak, supereroaleak, fullerenoak, material magnetorresistenteak, material zeramikoak, nanopartikulak eta abar lortzera.